ARTZI

Artziko aztarnategia

Aztarnategia El Soto izeneko inguruan kokatuta dago, Nagore eta Zandueta herrien artean, Artzibar udalerrian, eta Iruñeatik 25km ingurura (Nafarroa ipar ekialdean). Artziko Jaurerriaren barnean kokatuta dago, gaur egun jauregia, Santa Maria eliza eta eraikinen baten hondarrak mantentzen diren gunearen inguruan.

Arrasto arkeologikoak Urrobi ibaiaren ekialdeko ertzean daude, NA2040 errepidearen iparraldean. Bide hori 2004. urtean eraiki zen, parajea bitan banatuz, eliza eta jauregia hegoaldean utzita.

Aztarnategia galtzadarekin lotuta egon da beti, bertatik metro gutxira kokatuta baitago. Orain arte dugun informazioaren arabera, galtzada Urrobi ibaiaren mendebaldeko ertzetik joanen zen ibarra iparretik hegora zeharkatuz. Gaur egun, galtzadaren bidea oinez egiteko prestatuta dago eta hari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, honako esteka honetan topatuko duzu: galtzadaren ibilbidean barrena.

INFORMAZIO GEHIGARRIA:

Artziko aztarnategiari buruzko informazio eta irudi gehiago
Artziko aztarnategiari buruzko informazioa Udalaren webgunean

Aztarnategiari buruzko artikulua
2021ean Trabajos de Arqueología de Navarra indusketa-kanpainei buruz argitaratutako
artikulu laburra (eskuragarri pdf-n).

Kokapena
Aztarnategiaren kokapen zehatza.

Paisaietako soinuak

Prest al zaude III. mendera bidaiatzeko? Entzun arretaz Artziko Ur harginak kontatuko digun istorioa.

AZTARNATEGIAREN AURKIKUNTZA ETA IKERKETAREN NONDIK
NORAKOAK

Inguru horretan aztarnategi erromatar bat zegoela adierazi zuen lehen zantzua lurrazalean topatutako material arkeologikoak izan zen. Arrasto horiek Aranzadi Zientzia Elkartzeko taldekideek aurkitu zituzten, errepide berriaren eraikuntza lanen ostean.

2012. urtean egin ziren lehen miaketa-zulo arkeologikoak eta egiturak aurkitu ez ziren arren, erromatar garaiko material ugari dokumentatu zen. 2014. urtetik aurrera miaketa geofisikoen hainbat kanpaina gauzatu dira. Horren ondorioz, lurrik mugitu gabe, paraje horretan hainbat eraikinez osatutako aztarnategi bat zegoela frogatzea ahalbidetu da.

2015. urtetik aurrera indusketa arkeologikoen kanpainak antolatu dira udararo eta haiei esker, aztarnategiaren ezaugarri eta bilakaerari buruzko arrasto eta informazio ugari eskuratu da.

Bi metodologien elkarlanak ahalbidetuta ezaugarri desberdinetako eraikuntza-egituraz osatutako 1 ha-en inguruko kokaleku bat izanen zela ikusi da. Eraikuntza egitura horien kontserbazio maila ere anitza izango da, erabilitako ezaugarri eta materialen araberakoa izanen baita. Oraingoz soilik Nagore eta Lakabe lotzen dituen NA2040 errepidearen iparraldean aurkitu dira aztarnak, baina ez da baztertzen aztarnategia hegoaldera ere zabaltzearen aukera.

TERMAGUNEA

Orain arte gehien ikertu den eraikina da; izan ere, 2015etik 2021era induskatu dute, etenik gabe. Oinplanoa angeluzuzena du eta 20 metroko luzera eta 5 metroko zabalera. 

Gutxienez 7 gela edo espazio bereizi dira, eta horietako bik, gutxienez, berokuntza- sistema bat izango lukete. Egitura hauek zirkulazioko zoruaren azpian zegoen barrunbe batez hornituak zeuden (adreiluzko pilarez eutsia), aldi berean praefornium edo labearekin komunikatua. Aire beroa barrunbean zehar hedatzen zen eta lurraren gainazala berotzen zuen, pareten artean zeuden tubuli edo adreilu hutsetatik igotzen zen bitartean.

Eraikinaren berezitasun nagusietako bat Donazaharre/Saint Jean Le Vieuxen dokumentatutako termagunearekin duen antzekotasuna izango litzateke, Pirinioen iparraldeko isurialdean dagoen kokagunea, galtzada beraren jarraipenean.

Azpiegitura termalaren erabilera bertan behera utzia izan zen arren, guneak erabilerarekin jarraitu zuen Antzinate Berantiarrean zehar, beste fase bat dokumentatu ahal izan baita, eraikuntza materialen zati ugarirekin, animalien hezur hondakinekin eta erromatar zeramika arruntarekin.

Aztarna horiekin batera, burdinazko zepa ugari ere aurkitu dira, egiturak ekoizpen- jardueretarako erabili izan zenaren adierazle. Horri Urrobi ibaiaren arroan eta inguruetan historiako hainbat garaitan meatze-ustiapenak egon zirela gehituta, litekeena da guneak metalgintzarekin lotutako jardueraren bat izatea.