AURIZBERRIKO MILIARIOEN ERAKUSKETA

Miliarioak Aurizberrin

Mugarriluzen (Aurizberrin) topatutako miliarioak herri bereko Kontzeju Etxeko beheko solairuan daude ikusgai. Erakusketa iraunkorra zabalik dago une oro eta doakoa da. Erakusketa mapa batek eta bidearen ibilbidearekin eta inguruan aurkitutako material erromatarrek osatzen dute. Erakusketari buruzko informazio praktiko gehiagorako sakatu: Mugarriluzeko miliarioak).

Aranzadi Zientzia Elkarteko taldekideek Asturica eta Burdigala (egungo Astorga eta Bordele) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarraren ibilbidea aztertzen ari ziren Urrobi ibarra eta Ibañetako pasabidearen inguruan. Juan Mari Martinez Txoperenak hiru miliario aurkitu zituen, horietako bi epigrafikoak. Azken bi horiek funtzio propagandistikokoak ziren, garaiko enperadoreak laudatzen baitzituzten.

Osorik topatutako mugarrietako bat Constancio Cloro enperadorearen agintaldiari dagokio (K.o. 305-306). Tokiko hareharri triasikoko bloke batean landutako pieza da, arrosa kolorekoa, zakar landua, sekzio angeluzuzenekoa eta jatorrizko azala idazkia grabatzeko erreserbatuta duena. Grabatua letra kapital errustikoan egina da, gutxi zaindutako estiloan baina era argian. Formulario laburra darabil, Behe Inperio garaian ohikoa.

Bestea, berriz, Aureliano enperadorearen garaikoa da (K.o. 275) eta aurrekoaren moduan osorik topatu da. Hau ere bertako arrosa koloreko hareharri triasikoan egina dago, baina zilindro joerako sekzio pseudoeliptikoan. Grabatua zaindu gabeko letrakeran eginda dago, letra kapital errustikoarekin idatzia eta idazkian ez da etenaldirik hautematen. Letren sakontasun eskasak, urrutitik irakurtzeko pinturaz indartua egon zitekeela pentsarazi dezake.